XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Dagonillak 9: larunbata

Afrika-sorkaldean ibillaldi bat Ogei milla kilometroko oporraldia 1975eko dagonillan

Seiterdietan jagi. Egun argi. Zerua ozkarbi, Ikuspegi polita.

Bidezorro ta ogerakoak jaso ondoren, gosaria: naranja-erdia, porridge, okela ta arrautzopil apur bana, te ugariaz.

Zortziretan abiatu. Baso itxian aldazgora, ta bide bustia.

Iru ordu-lauren geroago, ganera urten: basoa amaitu egiten da ta landa-zelai zabalak asten dira.

Aurrez-aurre, zoragarriro, Kilimanjaro buru-zuri.

Eskuialdean, Mawenzi tontor polita.

Bidezidor polit errezean goaz, landan zear (bide bakarra da ta eziña da galtzea).

Batzutan lauz-lau, nozean bein aldazgoran, baña ez gogor. Bidean, goitik beera, mendigoizale ta baltz-lagunak eten barik.

Agur egiten dautsogu alkarri, milla izkuntzetan: jambo, giorni, good morning, agur... eta abar.

Bazkari-legea egiteko egonaldi (ordubete inguru).

Bide ona gero, baña gorantza. Iruzpalau errekatxo igaro ta... orra bigarren mendietxea!

Horombo Hut deritxo etxe orreri.

3760 metrotan aurkitzen da.

Gaurko ibillaldia be, atzokoa bezelatsu, bost ordu t'erdikoa izan dogu.

Seiretan afaria, egun argiz ondiño.

Zazpirak eta laurenetan ogera. Ordu asko ogean egoteko, baña lo gitxi, oso gitxi. Otz aundia kanpoan.

Dagonillak 10: igandea

Atzo bezela, seiterdietan jagi.

Bidezorroak jaso ta soin-garbiketa apur bat egin.

Gosaldu ondoren, zortziterdietan abiatu. Aldazgora gogorrean astiro-astiro, Mawenzi eskuialdean dogula beti.

Mendi guztia txillar antzeko landaraz eta beste txikiago batez josita dago.

Lau milla metrotara igotean, azkeneko ura ta bidea arritsuago...

Egunero lez, bide erditsuan bazkaltzeko egonaldia.

Jateko gogo gitxi, geienok.

Gero, bizkar batera igon eta zelaigune aundi-aundia gure aurrean.

Zelaigune orren azkenean, goratxuago, irugarren mendietxea agiri da: Kibo Hut. 4.733 metrotan dago.

Etxe txikia da, baña guretzat naikoa.

Sei ordu emon dogu gaurko ekiñaldian.

Taldeko lagun batzuk txarto eldu dira, Eusebio ta Odriozola batez be.

Beingoan ogeratu bear izan doguz.

Eta gorago igoteko gauza ez dirala agirian dago.

Alfonso ta Zamakona be, berton geratuko ei dira, tontorrerantza abiatu barik.

Biar goizean, apurka apurka, berantza joko dabe.

Zuaznabar be eurekin gelditzeko eskeintzen da: jokabide bikaiña Petri'rena!

Dagonillak 11: astelena

Orra Kilimanjaro'ra igoteko azken-ekiñaldiaren eguna eldu! Igongo ete gara, ba, tontorreraño? Jainkoa lagun dakigula! Gauerdian jagi gara.

Eta ordubatak lauren gitxiagotan abiatu gara, gau illunean. Otz aundia. Bideko ur-zulotxoak izoztuta. Baña aizerik ez, zorionean.

Aldazgora pikuan, zearka mearka, gorantza goaz, nozean bein geldiunetxoak egiñaz. Emanuel aurretik eta Hosea atzetik, astiro-astiro, pole pole.

Bearko, astiro ibilli! Anketan neke aundia nabaitzen da: bost milla metrotik gora gabiltz eta, jakiña danez, goi-nekeak menpean gaitu.

Lurra, ganera, ez da tinkoa, arri-autsa baño, ta orrelako bidean nekezago egiten da aurrera.

Illunpe aretan, adorez betetzen gaitue Hosea'ren oiu ta abestiak.

Harambee! oiuari, eup erantzuten dautsogu, gure indar makalduak bizkortuaz.

Eta bai pozgarri guretzat, Hosea'ren aleluya kantak entzutea!

Seirak aldean eguna argitzen asten da, ta otza aundiagotzen.

Baña ondo goaz danok... Aurrera! Makilla luzea eskuetan, arnasa sakon eta sarri artuaz... orra ganera eldu! Zazpirak lauren gitxiago dira.

Gilman Point deritxon tontorrean gagoz, amabostok!, 5.748 metrotan. Gure zoriona! Eguzki goxoa artuaz, jesarri egiten gara. Liburutxoan gure izenak ezarri ta argazki asko atera. Zerbait jan eta edan...

Zortziretan, Uhuru'rantz abiatzen gara.

Uhuru (askatasuna esan gura dau izen orrek) Kilimanjaro mendiko tontorrik garaiena da, ta Afrika osoan goituena: 6.010 metro ditu.

Gilman Point'etik Uhuru'ra bide erreza da: ordu ta lauren inguru, mendi-bizkarrari jarraituz.

Gure poza, guztiok Uhuru'ra eldutean! Ekarri gaituen gidari jatorrak eta taldeko lagun guztiok besarkada beroa emoten dautsogu alkarri.

Bein ta barriz Harambee! oiua ta Aleluya abestiak entzuten dira.

PEÑA'tar Xabier'ek.